XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehendik ezagutzen zen Irungo Pasionisten eskuetan zegoen Aita Zavalaren sermoe-liburu bat.

Esan zidatenez, Lemoako apaiz batek erregalatu zion Pasionista gazte bati bere mezaberri egunean (2) Ikus VILLASANTE, Historia de la literatura Vasca 2. edizioa 245. orrialdean, 89 oharrean. Aita Basilio Pasionistak, 1971. urtean, Lemoako liburu hori egun batzuetarako utzi zidan. Nor zen egilea jakin nahi zuen. Kaligrafiatik garbi frogatzen zela nor zen egilea, hots, Aita Zavala, esan nion.

Hortik antz emango diozue nola ibili diren dantzan eta esku batetik bestera euskarazko sermoe-liburuak.

Horrek esan nahi du, halaber, estimatuak zirela, erabiliak eta baliatuak.

Mezaberri eguneko opari bezala Pasionista gazte hari erregalatu zionak, nahiz eta liburuaren egilea nor zen jakin ez, bazekien halere baliozko zerbait ematen ziola.

Orain, berriz, Aita Zavalaren beste sermoe-liburu bat agertu da.

Nun eta Bermeoko Frantziskotarren komentuan.

Aurkitu duenak ez du inolaz ere nahi bere izena sala dezadan, eta borondate hori, nahiz eta neure gogoz kontra, errespetatzera beharturik nago.

Arestian esan dudan bezala, euskarazko sermoe-liburu hauek, eskuz idatziak egonarren, onak baldin baziren behintzat, estimatuak izan ohi ziren eta eskutik eskura pasatzen ziren.

Fraide zahar batek bere mendean erabili ondoren, gazteago zen bati utziko zion, baliagarri izan zekion.

Fraide bat hiltzen zenean, besteak gehienetan Aita Guardiana bera izango zen hark utzitako gauzez jabetzen ziren eta hala gizaldi batetik bestera eskuz-esku pasatzen ziren sermoi-liburuok.

Kontuan eduki behar da orduan ohiturak eta ideiak ez zirela hainbeste aldatzen, eta urteak igaroarren sermoiok beren balioa atxikitzen zutela.

Baita moralistek ere planteatzen zuten auzi hau: ea zilegiak ote ziren sermoe-liburuen jabetze edo erdi lapurreta hauek, baina nola diru konturik ez baitzebilen tartean, eta, beste aldetik, guzti hori Jainko-hitzaren zabalkundeagatik zen, aski lasaiak izaten ziren honetan.

Liburu honek urtea lehen orrian garbi ezarria dakar: 1816.

Hil, berriz, Juan Mateo Zavala 1840an hil zen.

Ia ehun eta berrogetamar urte honetan nork daki zeinen eta zenbaten eskutan ibili den liburua!.

Gure Probintziko bibliotekari nagusia den Aita Kandido Zubizarreta badabil honelako idazkiak biltzen eta sailkatzen Bermeotik, hain zuzen, 5 moltzo handi ekarri ditu Arantzazura euskarazko sermoiekin osatuak.

Sermoe solteak dira, inoiz egilea edo urtea dakartenak.

Baina Bermeon aurkitu direnen artean uste dut hau bakarrik dela liburu bezala arretaz josia zegoena.